XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mota askotako artea

JOXEMARI ITURRALDE

Lehengo batean, arteaz eta bereziki euskal arteaz interesaturik dauden adiskide batzuekin hizketan nengoela, haietako batek iparraldean ezagunak diren maskaradak aipatu zituen, esanez antzezlan horiek arte guztietarik zutela apur bat: musika, pintura, antzerkia, literatura, estetika eta etika... denetarik hartzen zutela ikuskizun orokor bat osateko.

Beste lagunak arrazoia eman zion horretan, esanez hori egia zela eta gainera bazuela zerikusi gehiago ere artearekin bera ere artea izanik.

Hots, gaur egungo arte modernoarekin gertatzen zen bezala jendeak ez zuela ezagutzen zer ziren maskaradak; eta maskaradak zer ziren ezagutzen zuen jendeak ez zuela hauen esanahia ulertzen, tutik ere ez askok eta askok, eta honek ere bazuela zerikusia gaur egungo arte modernoarekin.

Gaurko honetan beraz, gaia haritik datorrela aprobetxatuz, zerbotxait esango dugu Euskalerriko Iparraldean, Zuberoan bereziki, aspaldi aspalditik eman izan den arte eta ikuskizun moeta berezi horretaz.

Zertxobait hitzegingo dugu oraingoan Maskaradetaz, eta hau zehazki bi arrazoigatik, lehen aipatutakoaz aparte.

Lehenengo arrazoia zera da: Maskaradak jende aurrean plazaratzen diren garaia oraintxe dela, eta beraz oraintxe duela aukera paregabea ezagutzen ez duenak ikustekoa.

Eta bigarrena, gure eskuetara iritsi dela tesi doktoral bikain bat non gai hau ere, beste askoz gehiagorekin batera, ukitzen den.

Tesi doktoral hau Kepa Fdez de Larrinoak burutu du zuzendaria Jesús Arpal Poblador irakaslea izan duelarik.

Tesiaren izenburua hauxe da: Nekazal Gizartea eta Antzerki Herrikoia Pirinioetako Haran Batean, eta lehen aipatu dugun lez tesi horretatik harturiko zenbait datu ere honaxe ekarriko ditugu.

Joan den Urtarrilaren 17an plazaratu zen Urdiñarben maskarada, arrakasta haundia izan zuelarik.

Lehen esan den arabera, jende anitzek maskaradaren esanahia ulertu ez arren, ohiturari jarraitzen dio eta bertaratzen da hutsik egin gabe, bertako antolatzaileek uste baitute maskarada Zuberoako kultura berpizteko beste urrats bat dela.

Zuberoako drama-era herrikoi oso esanguratsuak izendatzen ditu Maskarada hitzak.

Jakina denez, Zuberoan badira antzezkizun herrikoi moeta bi: Maskaradak eta Pastoralak.

Zuberotarrek honela deskribatzen dituzte euren diferentziak: Maskarada besta duzu; Pastorala, aldiz, seriosa.

Hau da, Maskarada irrigiroa da, dibertimendua; Pastorala, berriz, haunditasun eta solemnitatea da.

Maskaradak ihauterietako denboraldiaren barruan ospatzen dira, eguberrian hasi eta bazko egunera arte.

Antzezleak herriko gizonezko gazte ezkongabeak izaten dira.

Bi talde eratzen ditzuzte: Maskarada gorria, alde batetik, eta maskarada beltza, bestetik.

Maskarada gorriak kolore ederrak, dantzari finak, dotoreria, soiltasuna, nagusigoa eta aginpidea erakusten ditu.

Maskarada beltzak, ordea, maskara itsusiak, kanpotarrak, ofizioak, paseko jendea eta arrotzak errepresentatzen ditu.

Bestelako kontrasterik ere egiten da Maskaradetan: esate baterako, basoko zein giza mundutik hartutako pertsonaiak eta gaiak nabarkiro bereizten dira.

Aspaldi honetan, neguko igandeetan plazaratzen dira antzezkizun moeta hauek.

Lehenengo eta azkeneko errepresentazioak Maskaradak antolatzen dituen herrian ematen dira, gainontzekoak bailarako herri auzoetan antzezten direlarik.

Joan den Urtarrilan, esan bezala, Mauletik hurbil dagoen Urdiñarben egin zuten.

Etxez etxe ibiliz, aitzindari gorriak eta ondoren beltzak beren dantzak plazaratu zituzten, buhamiak, etorri aurretik.

HuuA, huua oihukatuz, azken hauek beren arteko borrokak egin zituzten jendea alaitzeko.

Hiru orduz eman zuten agerraldi nagusia.

Aintzindariek maskaradaren dantzak interpretatu zituzten, godalet dantza edo bralea, besteak beste.

Ezagunak diren txerreroa, gatûzaina, kantinersa, zamaltzaina eta entseiñaria pertsonaiak hor zeuden.

Hauekin batera aintzindari beltzak ere bertan zirelarik.

Maskaradak ihauterietako ospakizunak dira, eta haien estetikotasuna izugarri aberatsa da.

Alegia, mozorroa, jantzia, dantza, mugimendua, soinua, bertsoa eta sermoia osagile funtsezkoak dira antzezkizunotan.

Maskaradetako aspektu literarioak ukitzerakoan estetikaren bi esparru hartu behar diran kontutan, poesia eta narrazio herrikoiak.

Eta aipatzekoak dira, horretaz, maskaradetako kantuak eta koplak (poesia) eta peredikiak edo sermoiak (narrazio errimatua).

Luzaide Hegoaldean dago, baina ez osoa, bere auzo den Ondarrola Iparraldean baita.